Euskarazko CD-teka ikastetxean
Ikastetxea: Igancio Ellacuria institutua (Bilbao)
Egileak: Mikel Zabaljauregi Arizmendi
Eskola Hiztun Bila jardunaldian aurkeztutako dokumentua. Donostian, 2002ko irailaren 19an eta 20an.
Laburpena
Hamasei urteko bidea egin dugu Euskal Girotze Barnetegietan. Euskararen erabilera eta motibazioa areagotzeko bertan erabiltzen ditugun metodologia eta estrategiak azalduko ditugu.
Sarrera 
Ikastetxeak Bilboko 2. barrutian daude. Ellacurían DBH eta Batxilergoa daude D eta A ereduetan eta Zurbaranen DBH B eta A ereduetan.
Eremu honetan euskarak oso presentzia urria du. Ia ikasle guztien etxeko hizkuntza gaztelania da. Ikasleek oso baliabide gutxi dituzte euskaraz euren etxeetan. Euskal kulturaren munduarekiko urruntasuna nabarmena da. Bestalde ikus-entzunezko materialak oso erakargarriak egiten zaizkie. CDteka 2001-02 ikasturtean jarri da martxan.
Helburua eta metodologia
Plan osoa ULIBARRI programaren barruan eraman dugu: aurreko ikasturteetan Liburutegiko euskarazko atalean jarri genuen lehentasuna. Gero euskarazko bideoteka bat antolatu genuen eta ikasturte honetan CDteka.
Segida, beraz, honako hau da: liburutegiko euskarazko atala/ bideoteka/ CDteka. Segida honetan aurrera egiteak ez du esan nahi aurreko atalak bertan behera uzten direnik.
Helburu nagusia euskal kulturaren ekoizpena ikasleen eskura jartzea da, euskarazko kultur produktuak erabiltzeko ohitura har dezaten. Ikasleei begira antolatu bada ere, ikastetxeko beste partaideek (irakasleak. gurasoak...) erabil dezakete eta erabiltzen dute.
Bideoak eta CDak gela barruan ere erabiltzen dira, baina bereziki pentsatuta dago maileguan hartu eta etxean ikus edo/eta entzun dezaten. Nolabait ikasleei euren aisialdian euskarazko musika edo filmak ere erabiltzeko aukera eman nahi diegu. Etxeetan arlo honetan izan dezaketen hutsunea bete nahi dugu.
Lehen bideo eta CD sorta ikasleen artean zabaldu zen inkesta baten emaitzei kasu eginez erosi zen.
Funtzionatzeko era edozein liburutegiko mailegu-sistemaren berdina da.
Baliabideak
Baliabideak euskarazko CDak (eta bideoak) dira. Guztira 25 CD eta 70 bideo ditugu.
Aurrekontua Ikastetxearen esku egon da. Bideoetarako diru-laguntza bat NOLEGAtik jaso da Eguerdian zinea euskaraz proiektuaren bidez.
Ondorioak
Eragin bizia izan du. Maileguen kopurua oso handia izan da: azarotik hona 120 bat CD- mailegu egin dira.
Arazo nagusi bi izan ditugu: euskarazko bideoen gabezia eta CD berriak berehala erre egiten direla eta nobedadeak etengabe erosten ibili behar izaten dela.
Aurrera begira
Hobetzeko modu nagusia jarraipena ematea da. Ohiturak finkatu eta CDteka etengabe osatu ateratzen diren nobedadeekin.

