Txostenak

Bertsolaritza curriculumean

Ikastetxea: Solokoetxe-Karmelo institutua (Bilbo)

Egileak: Tasio Erkizia Almandoz

Eskola Hiztun Bila jardunaldian aurkeztutako dokumentua. Donostian, 2002ko irailaren 19an eta 20an.

Laburpena

Ikastetxe honek bertsolaritza curriculumean txertatzeko ahaleginetan dihardu azken urteotan, bertsolaritza hizkuntza lantzeko tresna egokia delakoan. Zer eta nola egin dugun azalduko diegu inguratzen zaizkigunei.

Sarrera

Zein da gure ikastetxea? Karmelo-Solokoetxe ikastetxea, 235 neska mutil dituen DBH-ko ikastetxea duzue.

Santutxu eta Alde Zaharraren tartean kokatua. Bilboko erdal giroan murgilduriko ikaslez osaturik baina aldi berean euskararen alde lan asko egindako zonaldean txertatua.

D ereduko ikastetxe hau, publifikatutako Karmelo ikastola eta Atxuriko D ereduko Lehen Hezkuntzaren jarraipena da.

Esperientzia zertan datza? Batetik, bertsolaritza neska mutil guztien baliabide bihurtzea. Eta ondorioz, gure Hezkuntza Proiektuan txertatzea. Bere osotasunean curriculumaren parte izatea.

Euskal Herriko hainbat ikastetxeetan oso zabaldurik dago nahi duten ikasleei orduz kanpoko ariketa gisara edo maila jakin batean bertsolaritza eskaintzea. Gure erronka, neska mutil orori eta lau urteetan zehar aukera hori eskaintzea litzateke.

Gure ustez bertsolaritza ez da soilik banaka batzuen habilidadea, guztion baliabidea bihurtu daiteke. Eta gainera tresna oso egokia deritzagu hainbat gaitasun garatzeko.

Noiztik da abian? Ikastetxea duela sei urte sortu zen eta lehen urtetik aipaturiko esperientzia abian jarri genuen. Egia esan lehen lau urteetan irakasle aldaketa eta gora behera askorekin aurkitu ginen, baina azken bi urteetan normaltasunez eta egonkortasunez garatu ahal izan dugu.

Helburua eta metodologia

Zer egiten dugun.

DBHko lau urteetan zehar ordutegi eta plangintza orokorraren barruan sartzen dugu bertsolaritza, talde edo gela bakoitzak astean ordu beteko jardunaldia duelarik.

Oinarri teorikoak.

Bertsolaritza baliabide egokitzat jotzen dugu besteak beste:

  • Prestigioa duen kultur adierazpena delako. Duela zenbait urte ez bezala gaztetxoen artean erakargarritasun berezia du.
  • Hainbat pertsona erreferentzialak daudelako. Punta-puntako bertsolarien artean gazte asko dabilenez gero, motibatzea nahiko erraza da.
  • Bertsolaritza aukera asko eskaintzen duen baliabidea delako.

Baliabide egokia, zertarako?

  • Euskara aberasteko. Bertsolaritza hitzen jolasa den heinean ezinbestekoa bilakatzen da hizkuntza menperatzea. Hiztegia aberasten da izugarri, egoera bakoitzari buruz hitz aproposak aukeratzera behartzen gaituelako. Euskara, komunikazio tresna naturala eta beharrezkoa bilakatzen delako.
  • Hizkuntzaren erregistro informal-ludikoez jabetzeko. Askotan esan ohi dugu egungo hezkuntza sistemak soilik erregistro formalak ematen dizkiola ikasleari, hizkuntza informala alorrean umezurtz gelditzen direlarik. Eta esaera edo hizkuntza ludikoari buruz beste hainbeste. Bertsolaritzak huts hori bete dezake modu erraz eta naturalean. Edozein gairi buruz ari zaitezke eta bizi dituzun egoera guztiak izan daitezke egokiak bertsoak egiteko.
  • Ahozkotasuna lantzeko. Ez dago esan beharrik bertsogintza ez dela ahozko adierazpena lantzeko modu bakarra, ez du ahozkotasun osoa inondik inora hartzen, baina gure ikastetxean trebetasun hori lantzeko erabiltzen dugun baliabide garrantzitsua bat da.
  • Memorizaziorako gaitasuna jorratzeko. Antzinako eskolan dena buruz ikasi behar izaten genuen. Aspaldiko urteetan aldiz, ikasteko era hori ia baztertu egin dugu. Baina dudarik ez dago baduela bere garrantzia. Bertso zaharrak edo oin zerrenda luzeak buruz ikasiz memorizazioa lantzen da oso modu zuzenean.
  • Pentsamendua egituratzeko. Bertsoaren bidez zerbait adierazten diozu entzuleei edo bertsoa zuzentzen diozunari. Eta era laburrean gainera mezu zuzena ematea eskatzen dizunez gero, burua estrukturatzen eta logika erabiltzen laguntzen dizu. Pentsamendua estrukturatzen laguntzen dizu.
  • Jende aurrean hitz egiten trebatzeko. Noizbait bertsotan aritu denak erraztasun berezia du jende aurrean lotsarik gabe aritzeko. Ez genuke esango bertsolaritzak, berez, ematen duela hizketan aritzeko jarioa baina txikitatik ohitura hori duenak bide luzea urratua du, gaur egunean garrantzitsu bezain zaila den ariketa horretan. Bertso idatzietan edo bertso paperetan ere, maila berdinean ezpada ere, jende aurrean agertu behar izana lantzen da. Denen aurrean kantatzera behartzen zaituelako nerabe aroan hain normala izaten diren lotsa eta konplexuak gaindituz.
  • Sormena garatzeko. Arrazoiak ematerakoan argibide gisara adibideak jarriz, konparazioak eginaz edo egoera bereziak imajinatuz.

Helburu zehatzak

  • Neska mutil guztiek, DBH bukatzerako neurri ezberdinetan bertso bat egiteko teknika edo prozedura ongi menperaturik izatea.
  • Beraien sentimenduak adierazteko edo lagun bati bertsoz zorionak bidaltzeko gaitasuna eta praktika izatea.
  • Bat-batean kopla batzuk botatzen jakitea.
  • Bertsoak entzuteko zaletasuna sortzea. ETBko hitzetik hortzera saioa edo inguruko bertso emanaldiak entzuteko grina piztea.
  • Bertso zaharrak buruz ikastea (kurtsoka mailakaturik)
  • Zaletasun gehien dutenek bat bateko bertso batzuk botatzeko gaitasuna lortzea. Kantatzen ikastea.

Bertsolaritza, curriculumean, landu beharreko edukiak

  • Euskal Herriko ahozko literaturaren lehen aztarnak eta bilakaera historikoari buruzko zertzeladak.
  • Bertsolaritza, ahozko literaturaren ardatz eta zutabe.
  • Bertsolaritzaren lehen aztarnak eta XX. mende arteko aztarnak. (agian XIX. mende arte?) Non kokatzen ditut Txirrita, Pello Errota, Xenpelar eta abar?
  • XX. Mendearen lehen parte luzea.
  • 80.hamarkadako iraulketa eta loratze-aldia. Amurizatik Egañara.
  • Sagardotegitik unibertsitatera eta herrixkatik hirietara. Bilakaera interesgarri bezain aberatsa.
  • Bertso eskolak, susperraldiaren adierazletariko bat.
  • Bertso idatzirako oinarrizko irizpide teknikoak.
  • Errima egoki eta ez egokiak. Funtsezko irizpideak.
  • Koplak: bertso txikia ala genero propioa ? Neurri ezberdinetako koplen ezagupen praktikoa.
  • Bertsoen neurriak eta beraien ezberdintasunak modu mailakatuan ikastea. Zortziko txikiak; zortziko nagusiak; hamarreko txikia; hamarreko nagusia; bereziak...
  • Neurri ezberdinetako doinuen ezagutza zabala eta erabilerarako irizpideak.
  • Bertso zaharren ezagutza.
  • Bat-batean koplak lantzen.
  • Bat-batean bertsoak lantzen.

Baliabideak

  • Material didaktikoa
  • Bideoa eta bideo zintak.
  • Grabagailua: Bertsoak entzun eta grabatu ahal izateko.
  • Koaderno pertsonala. Norbere bertsoak idatzi eta gordetzeko.
  • Hiztegi errimatua kontsultatzeko liburua.

Jarduera pedagogikoak

Urratsez urrats bertso bat egiteko erabili behar duten teknika behin eta berriz errepikatzea:

  1. Gaia aukeratu eta zehaztu. Garbi eduki behar dute zer adierazi nahi duten.
  2. Ama hitza aukeratu eta oin berdinen zerrenda egin.
  3. Lehen mailetan, bukaera horrekin aukeratutako gaiari buruz esaerak burutzea.
  4. Esaerak neurtu eta lotzea.

Bertso bat abiapuntutzat hartu bere inguruan ariketa ezberdinak egiteko: Esanahia komentatu, agertzen diren hizkuntz jokoak azpimarratu, doinua ikasi edo gozatu etab.

Papertxo batean eta arbelean bukaerak jarri eta ilaran gai librean, koplak egiten jarri.

Gai bat eman eta horren inguruan, koplak egiten jardun.

Beraien artean zirikatzen jarri. Kopla hartzaileak erantzun egin behar dio bota duenari.

Urtean zehar, esanahi berezia duten data eta jaiak plangintza zehatz baten inguruan landu, hala nola :

  1. Euskara Eguna. Santo Tomas egunaren inguruan urtero ikastetxean ospatzen dugun Euskara egunerako lehiaketa xume bat egiten da, mailaz maila bertso onenak sarituz.
  2. Olentzeroa eta urte bukaera. Gaia eta urtaro berezia lantzeko, etxekoak zoriontzeko edo horma-irudi bat osatzeko.
  3. Inauteriak. Plaza Berriko lehiaketan parte hartzeko. Batez ere laugarren eta hirugarren mailakoek.
  4. Santa Ageda. Beraiek egindako koplak kalez kale kantatuz. Gehienbat lehen zikloko neska mutilentzat.
  5. Emakumeen eguna. Gaia abiapuntu gisa hartu eta bertso paper lehiaketa xume bat antolatuz.
  6. Auzoko Euskararen Astea. Azkeneko urteetako ohiturak jarraiki zonalde guztietako ikastetxe ezberdinen arteko bertso paper lehiaketa antolatuz.

Klase guztietan, hasieran edo bukaeran, bertso zaharrak eta doinuak ikasteko une bat eskaini.

Beraiei interesatzen zaien edozein gertaera edo egoeraren inguruan bertsoak egin.

Aurrekontua

Ez dugu aurrekontu berezirik eguneroko jarduerako.

Antolatzen ditugun lehiaketa ezberdinetan sariak emateko, ahozkotasuna lantzeko Jaurlaritzatik datorren diru apurra erabiltzen dugu.

Ondorioak

Bertsozaletasuna piztea. Zaila izanik ere hori neurtzea, nabaria dira eman ditugun urratsak. Horren adierazgarri litzateke azkeneko Belodromoko bertso finalera laugarren mailako hainbat neska mutil joan izatea.

Laugarren mailarako bertsoak egiten jakitea. Neurri eta doinu ezberdinetako bertsoak egiten jakin badakitela egunero erakusten dute, parte hartzen duten lehiaketetan berauen maila txukuna nabarmentzen dutelarik.

Arazoak

  • Astero soilik ordu bat emateak dituen mugak.
  • Neska mutil guztiek motibazio maila berdina ez izatea.
  • Bat-batekoa lantzeko talde handiegiak.
  • Batzuen euskara maila eskasa.

Aurrera begira

Bat-batekotasuna gehiago landu. Kopla mailan behintzat urrats politak eman daitezkeela uste dut. Plangintza berdina darabiltzan beste ikastetxeekin harreman iraunkorrak sortu.

Baliabide didaktikoak aberastu. Bereziki interesgarria litzateke eskura izatea, gaiez gai, bertso interesgarrienak ordenaturik.