Txostenak

GEHIXAGO ETA HOBETO Programa: ahozko jarduneko akats ohikoenak zuzentzeko herri mailako programa.

Ikastetxea: Bergarako ikastetxea eta Udala.

Egileak: Estepan Plazaola Otadui eta Nora Palmitano Rossi.

Eskola Hiztun Bila jardunaldian aurkeztutako dokumentua. Donostian, 2002ko irailaren 19an eta 20an.

Laburpena

Helburu nagusia bergararren ahozko euskara hobetzea da; batez ere, akats ohikoenak zuzentzea. orain 3-4 urte sortutako programa herriko ikastetxeetako ordezkariak, Eibarko Berritzegunekoak eta Udaleko Euskara Zerbitzukoak biltzen gara; eta haur eta gazteentzat bideratua dago, bereziki, baina kontuan hartzen dira hizkuntza-transmisore nagusiak ere: guraso, irakasle, entrenatzaile, astialdiko begirale, e.a., haurrengan duten eraginagatik.

Sarrera

Normalean berbaz darabilten hizkera, Bergarako euskalkia, ez baloratu eta lantzeak, etxean eredu onik ez izateak, erdararekiko interferentziek, ume eta gaztetxoen euskara pobretzea eta trakestea ekarri dute. Horren ondorio ditugu, adibidez, hainbat gauza azaltzeko erdarara jo beharra edota Bergaran hain azkar eta hain zabal hedatu den aditz potentzial berria: leikedot, leikegiñuan.

Egoera horretaz kezkaturik, orain dela 3-4 urte herriko ikastetxeetako ordezkariek, Eibarko Berritzeguneko ordezkariak eta Udaleko Euskara Zerbitzukoek egoera hori gainditzeko herri mailako programa bateratua abian jartzea erabaki zuten.

Helburua eta metodologia

Programa horren bitartez, ahal den neurrian, bergararren ahozko euskara hobetzea lortu nahi da; eta, batez ere, akats ohikoenak zuzentzea. Eta, Bergaran, normalean, ahozko komunikazioan euskalkia erabiltzen denez, programak ere euskalkia du langai.

Programa, bereziki, haur eta gazteei bideratua dago, baina, horiengan duten eraginagatik ezinbestean kontuan hartu beharreko multzoa osatzen dute hizkuntza-transmisore nagusiek: guraso, irakasle, entrenatzaile, astialdiko begirale?

Metodologia:

a) Egitasmoa plazaratzea

Egitasmoari duela 4 urte ekin genion, programan partaide nahi genituen guztiei haren berri emanez:

  • Irakasleei: klaustroak edo aparteko bilerak baliatuz azaldu zitzaien zer egin nahi genuen. Garrantzitsutzat jo genuen guztiek parte hartzea eta euskalkia jakinez gero erabiltzea gomendatu genien.
  • Ikasleei: tutoretza orduak erabili genituen informazioa emateko eta hausnarketa egiteko.
  • Gurasoak: gutun bidez azaldu zitzaien abian jarri nahi genuen programaren berri.
  • Eskolaz kanpoko jardueretako agenteei: katekesietakoei, musika eskolakoei... Horiei ere asmoaren berri eman zitzaien, eurak ere eredu ona ematen eta egitasmoan laguntzen saia zitezen. Ahal zen neurrian, jendearekin zuzenean egoten saiatu ginen eta ezinezkoa izan zen kasuetan idatziz jakinarazi zitzaien.

Gaur egunean ere horiek guztiei eskaintzen zaie programa nahiz eta zuzenen ikastetxeen ingurua (ikasleak eta irakasleak) eta gurasoak inplikatzen diren.

b) Programan erabiltzen diren baliabideak

  • Akats jakinak zuzentzeko materiala. Programaren helburua adieraztean esan dugu, batez ere, akats ohikoenak zuzentzera bideratua dagoela. Honetantxe egin da orain artekoan ahaleginik handiena. Aipagarria iruditzen zaigu, gainera, baliabideetan izandako bilakaera.
  • Hasieran, material solteak. Programaren hasieran, akatsaren inguruko material solte batzuk prestatu ohi genituen: azalpen gramatikala, gurasoei bidaltzeko azalpenak...
  • Bigarren urratsa, unitate didaktikoak. Akatsen lanketa ahalik eta bateratuen eta osatuen egiteko, akats bakoitzari buruzko unitate didaktikoak egitea erabaki genuen.

Unitate didaktiko bakoitzak akats bat edo pare bat lantzeko bidea eskaintzen du eta hiruhileko bakoitzerako unitate bat prestatu izan dugu. Adibide gisa, hona hemen 2000-2001 ikasturtean landu ziren akatsak:

  • Harridurazko esaldiak: que rico!, que bueno!...
  • Nor-nork/nor-nori-nork nahastea.
  • Ere-ren erabilera okerra: be bai, nik egin dot, ezebezekin, inobezena...

Edukiari dagokionez, berriz, unitate didaktikoak, besteak beste, ondorengoak dakartza:

  • Akatsaren azalpen gramatikala eta bertako euskarako forma egokiak zeintzuk diren.
  • Akatsak zuzentzeko balizko jarduerak. Adibidez:
    • Ikastetxeetan egiteko ariketak, maila bakoitzerako egokituak.
    • Eredu onen grabazioak.
  • Gurasoentzako azalpen-orriak

Akatsak lantzeko gune nagusia eskola da. Edozein modutan, eskolaz gain, beste eremu batzuetara ere helarazten dira programako materialak:

  • Ikasleen etxeetara, gurasoentzat: hiruhileko bakoitzean zuzendu nahi diren akatsen inguruko informazioa bidaltzen zaie, ahal duten neurrian, eurak ere parte har dezaten.
  • Eskolaz kanpoko jarduerak gauzatzen diren guneetara: Gazteekin zerikusia duten beste jardueretako (musika, kirola, katekesia?) irakasle, monitore eta abarrei ere ematen zaie unitatearen berri eta euren lokaletan jartzeko komiki-kartelak eskaintzen zaizkie:
  • Haur eta gazteak ibiltzen diren beste eremu batzuetara: akatson berri eman eta zuzenketa proposatzen duten komikiak jartzen dira haur eta gaztetxoak ibiltzen diren denda, kirol-instalazio, taberna, eta abarretan. Komikiok ikastetxeetan prestatzen dituzte eta material horren ale batzuk ikastetxeetan bertan jartzen dira eta besteak goian adierazitako tokiotan jarri ohi dira.
  • Komunikabideen bidez, etxeetara. Herri aldizkariaren gehigarri gisa banatzen da Apatxi aldizkaritxoa, 4 orrikoa. Azalpenak, jokoak, ipuina, inkestak, magia jokoak... Programaren oihartzuna etxera ere iritsi dadin eta gurasoek ere parte har dezaten, umeekin batera. 2002. urtean ekin diogu.

Aurtengo urtekoa: gai baten inguruko planteamendu osoa

Aurreko ikasturteetan unitate didaktikoak elkarren artean loturarik ez zuten akatsei buruzkoak izan dira. Aurten, ikasturte osoko lanketari batasun bat eman nahi izan zaio eta, horretarako, gai bat aukeratu da (joko eta jolasak) eta gai horretako hizkuntza eta hizkuntza akatsak landu dira.

c) Formazio orokorra:

Programa honen barruan garrantzi berezia du, bestalde, haur eta gazteei hizkuntza transmititzen dietenen eredua ona izateak. Hori dela eta, hizkuntza transmititzaile horiek formatzeko bideak eskaintzen saiatu gara:

  • Irakasleentzako ikastaroak: batez ere, bertako euskara lan zezaten. Kasu batzuetan Iraleko formazio ikastaroen bidez eta beste batzuetan ikastetxeek berek bideratuta.
  • Apatxi aldizkaria. Gurasoei begira, batez ere.

Baliabideak

2001-2002 ikasturteko baliabideak:

Aurtengo ikasturtean bi eratako materialak erabili ditugu, nagusiki:

Gai jakin baten inguruko materialak:

  • Unitate didaktikoak: hiru unitate didaktiko. Materiala Udalak prestatu du. Oinarria udalaz kanpoko teknikari batek egin du eta Euskara Zerbitzuak gainbegiratu, orraztu eta zuzendu izan ohi du. Ikastetxeek ere egiten dituzte beren ekarpenak.
  • Ikasleen komikiak.
  • Apatxi aldizkaria. Ikasturtean 6 ale. Formazio ikastaroa. Irakasleentzako ikastaroak, Bergarako euskara lantzeko.

Aurrekontua: 2001-2002 ikasturtean 6.000 euro inguru. Udalak finantzatzen du osorik.

Ondorioak

Uste dugu nagusiki ondorengo hauek lortu ditugula:

  • Ahozko euskara hobetu beharraren inguruko sentiberatasun bat sortzea eta gai horren inguruko herri mailako programa iraunkor bat abian jartzea. Inportantetzat jotzen dugu programa iraunkorra izatearena, gai hau ez baita urte batean eta bitan bukatzekoa.
  • Programan erabili ditugun baliabideek harrera ona izan dute oro har eta ez da, kontrako jarrerarik agertu.

Aurrera begira

Gauza asko ditugu hobetzeko. Une honetan baditugu arazo batzuk eta horiei irtenbidea eman beharko genieke, lehenengo:

  • Zer zuzendu eta zer ez definitzea: jolasten dut, aber...
  • Eredu onen corpus antolatu erabilgarri bat osatzea: adibidez, jolas eta jokoen esparruko lexiko, esamolde...
  • Emaitzak ebaluatzeko sistema bat finkatzea. Usteetan oinarritutako balorazioak egiten ditugu baina sistema bat falta zaigu.

Eta horretaz aparte, uste dugu programaren beraren ebaluazio sakonago bat ere egin beharra dugula: ahozkoaren lanketari buruzko gogoeta, ahozko euskarrien erabilera zelan bultzatu, irakasle eta gurasoetan hizkuntza eredu onak zelan bultzatu...