Txostenak

Gurasoen arteko Mintzalaguna Programa

Ikastetxea: Zurriola ikastola. Donostia.

Egileak: Dani Goņi Irazusta.

Eskola Hiztun Bila jardunaldian aurkeztutako dokumentua. Donostian, 2002ko irailaren 19an eta 20an.

Laburpena

Mintzalaguna programaren bidez euskaraz egiteko premia duten gurasoak harremanetan jarri ditugu ikastetxeko beste guraso batzuekin. Programan egindako urratsen berri emango dugu, bide horretatik jo nahi duten ikastetxeek ezagutu dezaten.

Sarrera

Ekimen hau gurasoei zuzendua dago, eta haien euskararen ezagutzan eta erabileran eragin nahi du. Gurasoek euskararen ezagutza eta erabilera ohiturak areagotzen badituzte, horrek eragina izango du ikasleengan, beren erabilera esparrua zabaldu egingo delako familia arteko harremanetara.

99-00 ikasturteko hirugarren hiruhilekoan hasi genuen esperientzia, eta ondorengo bi ikasturteetan ere aurrera jarraitu dugu ekimenarekin.

Ikastolan 2 urtetik DBHra arteko ikasleak ditugu, guztiak D ereduan eskolatuak. Euskararen ezagutzari dagokionez, beren gurasoak honela banatzen dira, gutxi gora behera: %50 bikote mistoak dira, %20 euskaldunak eta %30 erdaldunak.

Egitasmo honek Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkarteak orain dela bospasei urte abian jarritako izen bereko egitasmoan du oinarria. Gerora, beste hainbat herritako euskara elkarteek ere martxan jarri dute; beraz, horiengana ere joan daiteke informazio bila.

Helburuak eta metodologia

Helburuak

Egitasmo honen helburua ikastolako gurasoen euskararen ezagutza eta erabilera, batez ere, areagotzea da. Horrela esanda, helburua oso orokorra da, baina baditu bere barnean helburu zehatzagoak, edota zeharka lortu nahi direnak:

  • Euskara ikasten ari diren gurasoei mintzapraktika egiteko aukera eskaintzea.
  • Euskara erabiltzeko ingurune egokirik ez dutenei aukera hori eskaintzea.
  • Ikastolako gurasoen artean euskaraz egiteko ohitura bultzatzea.
  • Ikasleek ikus dezatela euskararena ez dela euren kontua soilik.

Oinarri teorikoak edo zergatiak

Eskolaren zeregin nagusia, euskarari dagokionez, ezagutza ziurtatzea izan da, baina konturatu gara erabiltzen ez den hizkuntza galdu edo ahuldu egiten dela. Beharrezkoa da ikasleek euskara erabil dezaten, eskolan ikasitakoa aberasteko, edo ez galtzeko behintzat. Hortaz, garrantzitsua da euskararen erabilera esparrua etxera ere zabaltzea. Horretarako, ezinbestekoa da gurasoak euskalduntzea eta euskara erabiltzeko gai izatea.

Erabilera esparrua zabaltzeaz gain, motibazioan ere eragiten dugu zeharka, ikasleek gurasoen ahalegina ikusten baitute, eta horrek euskararen prestigioa eta balioa areagotu egiten ditu.

Gurasoen motibazioari dagokionez, instituzioek eta politikoek euskara benetan ofiziala dela erakutsiko baligute, askoz ere eragingarriagoa litzateke gure ahalegina, baina, haren faltan, ez dago soberan eskolatik egin daitekeen saiakera.

Eragileak eta hartzaileak

Egitasmo honen eragileak Euskara Batzordeko irakasle eta gurasoak izan dira. Hartzaileak, berriz, ikastolako gurasoak izan dira, nagusiki, izan ere ikastolaz kanpoko hainbat pertsona ere etorri baita, eta gure aldetik ez da arazorik izan parte har dezaten.

Zertan datza egitasmoa

  • Guraso euskaldunak eta euskaldun gaiak euskaraz hitz egiteko elkartzen dira astean behin-edo, ordu betez edo ordu ta erdiz. Talde txikiak izaten dira, hiruzpalau lagunekoak, nahiz izan den talde handiagorik ere; eta egokien datorkien egun, ordu eta tokian elkartzen dira.
  • Ez dira euskarazko klaseak. Helburua euskaraz aritzeko ohitura eta erraztasuna eskuratzea da. Ez zaio euskararen zuzentasunari begiratzen, adierazpenerako oztopo ez den bitartean, behintzat.
  • Taldeak ikastolan elkartzen dira gehienetan eta, gero, tabernaren batera joaten dira, edota buelta bat ematera. Badira ibiltzera joaten direnak ere, kirol edo ariketa moduan.

Egitasmoa martxan jartzeko eman beharreko pausuak

  • Lehenik, beharrezkoa da guraso euskaldun batzuk ziurtatzea, horiek gabe ez baitago egitasmoa aurrera eramaterik.
  • Ondoren, agiri bat-edo prestatu behar da gurasoei banatzeko. Bertan egitasmoaren berri ematen zaie eta izena emateko modua adierazi.
  • Izena eman duten mintzalagun euskaldunekin taula bat osatzen dugu. Bertan, zein egun eta ordutan ahal duten jasotzen dugu.
  • Azkenik, bilera batera deitzen ditugu guztiak, euskaldunak eta euskaldun gaiak. Bilera horretan egitasmoaren inguruan dituzten zalantzak argitzen saiatzen gara, eta ondoren taldeak osatzen ditugu. Taldeak osatzeko, arbel batean edo paper handi batean aurreko puntuan aipatutako taula jartzen dugu, eta euskaldun gaiek euren izenak idazten dituzte, hobekien datorkien egun eta orduan.

Baliabideak

Baliabide berezirik ez dugu behar izan, eta aurrekonturik ere ez dugu egin. Zirkularrak eta kartelak egiteko ikastolako materialak erabili ditugu: papera, kartulinak, margoak, fotokopiagailua...

Material didaktikorik ere ez dugu batere erabili, lehenago aipatu dugunez, helburu bakarra mintzatzea baitzen, eta ez euskarazko eskolak ematea.

Hala ere, dinamikari eutsi nahi badiogu zerbaiten beharra sumatzen dugu, hirugarren urte honetan partaideen kopurua gutxitu egin baita. Hurrengo puntuetan hobeto azalduko dugu behar hori.

Ondorioak

  • Hainbat gurasori euskara erabiltzeko aukera eman zaio, eta horrek beren euskara maila sendotu du, batetik, eta euskara erabiltzeko ohitura handitu die zenbaiti.
  • Ikastolako hainbat gurasoren arteko harreman estuagoa sortu du, eta ikastolako dinamikan gurasoen parte hartzea areagotu du, neurri batean.
  • Parte hartzaileek, euskaldunek zein euskaldun gaiek, oso balorazio positiboa egin dute ikasturte amaieran taldeka egindako balorazioetan.

Arazoak

  • Balorazioa oso positiboa izan bada ere, hirugarren ikasturte honetan partaidetzak behera egin du euskaldun gaien aldetik. Aurreneko bi ikasturteetan 32 lagun inguru aritu badira, azken honetan kopurua 22ra jaitsi da.
  • Motibazioari eutsi egin behar zaio, eta berezko motibazioa nahiko ahula bada, zerbait gehiago eskaintzen ahalegindu behar dugula ikusi dugu: egitasmo honen osagarri edo indargarri izango dena.
  • Zenbaitzuk ikastera etorri dira, eta zerbait gehiago nahi dute (lanerako hizkuntza eskakizuna lortu behar dute agian).

Aurrera begira

  • Taldeen jarraipena egin, nola dabiltzan jakiteko.
  • Partaideen helburuak eta espektatibak ezagutu. Izan ere, helburu horiek handiegiak izan baitaitezke, eta horrek porrota eta etsipena ekar lezake; edota, agian, ahulak, eta orduan motibazioa indartu egin beharko litzateke.
  • Ekimen honetako partaideei beste proposamen batzuk egitea ere ondo legoke, euskararen erabilera esparru berrietara zabal dezaten: euskal prentsa (Egunkaria, Irutxulo), euskaraz irakurtzeari beldurra galtzeko saioak, euskarazko agenda ...