Txostenak

Gurasoak ipuin kontalari

Ikastetxea: Elorrio herri ikastetxea

Egileak: Jesus Guridi Gangoitia

Eskola Hiztun Bila jardunaldian aurkeztutako dokumentua. Donostian, 2002ko irailaren 19an eta 20an.

Laburpena

Guraso euskaldun talde batek ipuinak prestatzen ditu euskaraz, bere kabuz, gela barruan kontatzeko. Ikasturtean hainbat saio gauzatzen ditu: mailari egokitutako hizkuntza, dekoratua, kontalariaren janzkera, klaseko aurretiazko girotzea, ..., guztiaren ardura hartzen dute. Jardunaren ezaugarri nagusiak eta eskolatik nola koordinatzen den azalduko dugu.

Sarrera

Elorrio Ikastetxea D ereduko ikastetxea da. HH eta LH osoak ditu (2 urtetik 12 urtera arte), eta bi lerro ditu (maila bakoitzeko bi talde).

Lantzen diren eremuak guraso eta ikasleen eremuak dira, ekintza baten bidez bi eremuak batera lantzen baitira. Alde batetik guraso talde batek ipuinak prestatzen ditu, eta beste aldetik 6.mailako ikasleek dekoratuak eta azpiegitura prestatzen dituzte, eta haur hezkuntzako ikasleak ikusleak izaten dira.

Gurasoen ezagutza eta motibazioa lantzeko, batez ere, erabiltzen da. Euskara ikasten ari den guraso talde bat euskalduntze prozesuan sartuta dago; prozesu hori esanguratsu bilakatu nahi da eta horrela, ahal den neurrian, eskolan isla izan dezan.

Saioak ikasturtearen hasieran (Gabonetan) eta amaieran gauzatzen dira.

Helburua eta metodologia

Helburu nagusia gurasoak euskaldundu edota alfabetatzea da, eta bide batez, prozesu horretan ikasleak inplikatzea. Beste helburu batzuk ere ikusten dira: motibazioa areagotzea eta ekimen hori eskolako curriculumean txertatzea; gurasoen partaidetza areagotzea eta normalkuntza prozesuan inplikatzea.

Ekintza honen oinarri teoriko edo filosofikoak hemen segidan daude: eskolak komunitate bat osatzen du eta gurasoak eragile zuzenak dira.

Eragileak hauexek dira: guraso taldea, AEK, HNB eta 6.mailako umeak.

Hartzaileak, Haur Hezkuntzako ikasleak dira eta gurasoak beraiek.

Jarraitzen den prozesua honako hau da:

  • Gurasoak animatu. Horretarako, bai eskolako Normalkuntzatik, bai AEKtik bertatik eskutitzak eta propaganda bidaltzen zaie.
  • AEK-koekin hitzarmena sinatu. Honen arabera guraso taldea osatuko da eta behin 8.urratsera heltzen direnean, eskolara etortzeko prestatzen dituzte.
  • Ipuinak aukeratu(Euskal legendak)
  • Gurasoak trebatu eta jantziak aukeratu. Ez dute antzezten bereziki, batera kontatzen dute.
  • 6.mailako ikasleei ipuina kontatu eta ondoren ikasleek plastikazko klaseetan euskarri grafikoak osatzen dituzte.
  • Bertsoak osatu.
  • Musikariak prestatu.
  • Entsaiatu.
  • Emanaldia eskaini. (Hartzaile diren umeen prestaketaz zikloa bera arduratzen da).

Baliabideak

Erabiltzen diren giza eta material baliabideak honako hauek dira: : AEK, Gurasoak, HNP, Ipuinak,dekoratuak, grabagailua, jantziak (gurasoek aukeratzen dituzte), argazki makina, musika (aukeraketa HNP eta umeak).

Material didaktikoa egokitzen den ipuina da, eta ez da gastu handirik egiten dekoratuak egiteko eskolako material suntsigarria erabiltzen delako.

Ondorioak

Lortutako eragina garrantzitsua da. Gurasoentzat euren prozesuan bultzagarria da. Ekintza azaltzeko eta girotzeko Argitxoren irudiaz baliatzen garenez umeengan eragin positiboa dauka identifikazioa lortzen baita. Eragin hau neurtzeko, behaketaz gain, zikloko tutoreekin elkarrizketak egiten dira euren iritziak adierazteko. Beste estamentuetan lortzen den eragina nabaria da: Guraso eta seme-alaben arteko harremanak estutzen eta areagotzen dira , euskaraz izanik hobetu egiten dira, eta parte hartzen duten gurasoak erreferente bihurtzen dira beste guraso batzuk euskara ikasten anima daitezen.

Hasieran eragozpenak egoten dira (antolamendua, boluntarioak, denbora falta,?) baina apurka-apurka gainditzen dira.

Aurrera begira

Hobetzeko ideiak eta ekarpenak hauek izan dira:Pentsatuta daukagu datorren urterako material pedagogikoa osatzea kontaketa aurretik eta ondoren lantzeko.Aurkezpenean eta muntaian indar egingo dugu erakargarriagoa egiteko.