Gurasoen sentsibilizazioa: berauen parte hartzea hizkuntzaren arloan.
Ikastetxea: Eibarko Berritzegunea
Egileak: Miren Josune Alberdi Agirre
Eskola Hiztun Bila jardunaldian aurkeztutako dokumentua. Donostian, 2002ko irailaren 19an eta 20an.
Laburpena
Gurasoei informazioa eta laguntza eskaintzen diegu, eurak hizkuntzaren arloan duten eraginaz jabetu daitezen: euren seme-alaben ikaste prozesuan, motibazioan zein erabileran.
Sarrera
Ikasleen hizkuntza garapenean ezagutza, erabilera eta motibazioaren lanketa suspertu beharra dago. Guztiak dira beharrezkoak eta elkar eragiten dute.
Neska-mutikoen eta gaztetxoen hizkuntzaren ezagutza, erabilera eta berekiko motibazioaren bermea eremu ezberdinetan lantzen dute. Horietako bat eta funtsezkoa dena gainera, gurasoena da.
Hizkuntza eta kultura baten irakaskuntzan eta iraupen prozesuan hizkuntza horren transmisio naturala ziurtatzea da etekin handiena ematen duen jarduera. Etxeko hizkuntza izanik ikasketa prozesua eguneroko erabilera esanguratsuan oinarritzen da. Afektiboki hizkuntza -familia- eta norbere garapen emozionalarekin lotua doanez, motibazioa ziurtatuta dago. Afektibitatea eta efektibitatea elkarri lotuta doaz. Gurasoen bitartez seme-alabek hizkuntza jaso - landu (ezagutza), hizkuntza horretan bizi (erabilera) eta hizkuntza hori maite (motibazioa) egingo dute eta horkoa euren bizitzan etengabe erabili ahal izango dute. Euren eredua oso garrantzitsua da gazteentzat.
Hizkuntzaren eta kulturaren ezagutzaren transmisio naturala ziurtatu ezin denean, familiaren jarrerak eta portaerak izugarri baldintza eta lagun dezake hizkuntza horrekiko seme-alabek izan dezaketen atxikimenduan eta baita ere hizkuntza hori garatzeko izan ditzaketen aukeretan. Gurasoek euren seme-alabek euskara ikas dezaten aukera eskainiko diete, garatzen ari diren hizkuntza hori erabil dezaten (entrenatuz) eremu ezberdinen euskarazko jardueren hautua egingo dute, eta euskararen ikasketa baloratuz euren seme-alaben garapenaren balorazio ona eginez eta euren jarreraren bidez seme-alaben motibazioan ere eragingo dute.
Hau guztia kontuan izanik gurasoek jakin egin beharko lukete zein den eta zenbateraino den garrantzitsua euren partehartzea; zein izan daitekeen euren erantzukizuna eta nola lagun dezaketen euren seme-alaben hizkuntzen garapenerako eta batez ere euskararen jabekuntza prozesuan.
Gurasoen sentsibilizaziorako jarduera ezberdinak plantea daitezke; horrela kontzienteki har ditzakete hainbat erabaki.
Helburua eta metodologia
Helburu nagusia: Gurasoak sentsibilizatzea eta jarrera aktiboa izan dezaten suspertzea.
Helburu xeheak:
- Gurasoek jakin dezatela zein garrantzitsua den euren jarrera eta portaera gaztetxo eta gazteen euskararen jabekuntza prozesuan, motibazioan eta erabileran.
- Iradokizun eta laguntza aholku batzuk eskaintzea.
Modu ezberdinetara plantea daiteke:
- Hitzaldi edo azalpenak: Hizlari batek/Eskolako irakasle eta zuzendaritzako norbaitek/HNTak edo Batzordeko norbaitek/ Gurasoren batek / Herriko euskara - kultur arduradunak...
- Sarrera hitzaldia + gelakako batzarrak: sarrera hizlari batek (edo beste norbaitek) egin eta ondoren gelako edo eta mailakako batzarrak...
- Ikasturte hasierako batzarretan informazioa, iradokizunak... eskaini eta euren garrantzia azpimarratu. Urtetik urtera ideiatxoak osatzen joan. Pixkanaka eta etengabeko formazioa eta konzientziazioa bultzatu. Lan osagarria bultzatu: eskola+ etxea. Honekin batera antola edo proposa daitezke ikastarotxoak: jolasak, kantak, euskarazko materiala, Teknologia Berriak eta euskara, euskal dantzak, euskarazko atsotitzak...
- Gutunak, oharrak, iradokizunak... idatziz
- Gurasoak eskolako ekintzetan sartu, inplikatu, eta euskarazko eragile moduan eurengandik jaso dezakegun aberastasunaz baliatu (ipuin kontaketak, lanbideen azalpenak, euskalkia, kantak, bertsoak, ...)
Nik planteatu izan ditudan azalpenetan honako edukiak landu izan ditut:
- Kulturaren kontzeptua.
- Hizkuntza eta kulturaren arteko lotura edo erlazioa.
- Hizkuntza aniztasuna eta kultur aniztasuna. Baliokideak guztiak. Egoerak dira ezberdinak.
- Europako hizkuntza egoera: geurea guztiz egoera arrunta.
- Gure Hezkuntza Sistema hizkuntzen alorrean.
- Eleaniztasun prozesua: Hizkuntzen ikasketa prozesuak. Ezagutza, erabilera eta motibazioaren garrantzia.
- Elebitasun eta eleaniztasunaren abantailak.
- Hizkuntzen ikasketan eragileak eta esparruak.
- Gurasoen eragina era zeregina.
- Erabil daitezkeen errekurtso edo baliabide batzuk.
Ideia batzuk azpimarratu nahian, kanta edo bertso batzuk sartu izan ditut.
Baliabideak
Guztia erabakitzen diren ekimenen araberakoa izango da.
Baliabide pertsonalak: Sentsibilizazio saioak bideratzeko beharrezkoak: hizlariak, tutoreak, gurasoak, zuzendaritza...
Tresneria: aurkezpenerako beharrezko zaizkigunak:
- Gardenkiak + gardenki aparatua
- Power Point, kanoia...
- Kantak, olerkiak, bertsoak, elkarrizketak... + magnetofoia...
- Dokumentuak, liburuak, CD-ak...
Aurrekontua: Proposatzen denaren araberakoa (hizlaria ordaintzeko, ekintzak prestatzeko, formazioa eskaintzeko...)
Ondorioak
Parte-hartze aldetik eta eragin aldetik:
- Hitzaldi moduan egiten denean aurkezpena erantzuna oso murritza izan ohi da.
- Sarrera orokorra + batzarra: guraso gehiagorengana iristea lortzen da.
- Ikasturte hasierako bileretan: eragin handiena izan dezakeena dela uste dut. Gurasoak interesarekin joaten dira. Informazioa ondo neurtuta eta proposamen zehatzak eta bideragarriak eskainiz gero, eragin handia izan dezake.
Aurrera begira
Ni normalean hizlari gisa aritu naiz. Hitzaldi bat plantea daiteke sarrera moduan, baina jende gutxirengana iristen da mezua. Guraso asko dagoen foroa aprobetxatu behar da. Hizkuntzak edonoren garapenean, bizimoduan eta ikasketetan duen garrantzia kontuan izanik, horren kontzientzia izan beharra daukagu.
Gurasoei bakoitzaren egoeraren araberako informazio, prestakuntza, aholkularitza... eskaini beharra dago euren eskuartzea eta erantzukizuna bermatu nahi badugu:
- Informazioa: apurka-apurka eta eten gabe eskaini behar zaie (urtero egiten diren gelako batzarrak aprobetxa daitezke).
- Prestakuntza ere eskaini behar zaie. Hizkuntzari berari buruzkoa, hizkuntza erabiltzen den edozein atalekoa, baliabideak...
- Aholkuak edo iradokizunak azaldu behar zaizkie: Argi izan behar dute zertan lagun dezaketen euren egoeraren eta baldintzen arabera (euren seme-alabekin eta eskolan bertan).

