Hizkuntza Normalkuntza ikastetxeko agirietan
Ikastetxea: Aralar institutua (Alegia)
Egileak: Mila Etxeberria Arrese
Eskola Hiztun Bila jardunaldian aurkeztutako dokumentua. Donostian, 2002ko irailaren 19an eta 20an.
Laburpena
Nola islatzen da HNPa ikastetxeko bestelako dokumentuetan? Ikastetxe bateko adibidea. Zein dokumentutan agertzen da eta zergatik? Eta besteetan, zergatik ez?
Sarrera
Ikastetxe hau 1996an sortutakoa da. DBH besterik ez dago ikastetxean. 130 ikasle inguru ditu.Tolosaldeko Alegi herri inguruko ikasleak biltzen ditu Aralar institutuak. Gehienbat herri txikitakoak: Amezketa, Ikaztegieta, Altzo, Baliarrain?.
Eskola sortzearekin batera osatu zen irakasle taldea ere. Hasieran elkar ezagutzen ez zirenak ziren ia guztiak, eskola desberdinetatik etorriak, elkarrekin lanean aritu gabeak.
Eremu oso euskaldunean kokatua dago ikastetxea. HNParekin 1997an hasi zen.
Helburua eta metodologia
HNPa ikastetxeko agiri garrantzizkoenetan txertatzeko ahalegina egin da ikastetxe honetan. Gaur egun hau da egoera.
Agiri hauetan txertatua dago dagoeneko:
- AIAn
- Urteko planean
- Urteko memorian
- Urteko aurrekontuetan
1-AIA: Agiri hau izan zen prestatu zen lehen agiri garrantzizkoa. Eskolaren antolaketa eta funtzionatzeko nolakoak izango ziren adierazten zen dokumentu honetan. 1997-98 ikasturtean onartu zuen Organo Gorenak. Urte horretan Normalizazio proiektuarekin hastea ere adostu zenez, aurreko dokumentu horretan, bertan, sarbidea eman zitzaion Pedagogia koordinaziorako organoak atalean. Eta honela dio:
Euskararen Normalkuntzarako Batzordea.
- Ikastetxeko Hizkuntza Normalkuntza Plangintzaren helburu nagusia hau da: euskara izan dadila irakaskuntza sistemaren berezko hizkuntza, eskola hizkuntza zein komunikazio hizkuntza alegia, bai ohiko irakas hizkuntz gisa zein irakas ekintzak ez direnetan ere.
- Batzorde hau Ikasketa buruak eta euskarako irakasleak osatuko dute.
- Ikasketa burua izango da Normalkuntza Batzordearen koordinatzailea eta astean hiru ordu izango ditu lan hori burutzeko, euskarako irakasleek astean ordu bete.
- Batzorde honetako kideak astero bilduko dira eta beraien zeregin nagusia ikasturteko plangintza osatu eta burutzea izango da.
Partaideetako bat ikasketa burua izango da: Zuzendaritza bultzatzaile izan zelako eta inplikatua egotea interesgarria ikusten zelako, horrela proiektuari garrantzia eta iraupena emango zitzaiolako.
Beste partaideak, euskara irakasleak: Zuzen zuzenean beraiek ukitzen dituelako, hizkuntzaren zaintze eta aberastea beraien helbururik garrantzitsuenak.
Teknikaria edo koordinatzailea: hasieran ikasketa buru zenak bete zuen, azken bi ikasturteetan berriz, beste bat ari da lan horretan, urte batzuetan jarduteko gogoa azaldutakoa.
2-Urteko planean: Urtero, irailean, ofizialki HNPa aurkeztu behar denez, batzordeak egiten dituen proposamenak biltzen dira , egitasmoa prestatu eta, hori berori gelditzen da eskolan beste proiektuekin batera jasota. Hauxe izan zen bertan jasotakoa:
Hizkuntz Normalizazio Plana
2001-2002 ikasturtean
- Ikastetxearen antolakuntza:
- Guraso berri gehienei etxeetara informazioa euskaraz soilik bidaltzea. Kurtso hasieran ikasle berrien gurasoei galdetu.
- Hormetan jartzen den informazioa euskaraz edo elebietan izatea. Txartelak zaindu. - Irakasleak:
- Norberak hizkuntz ezagutza maila hobetzea. Ikastaroen berri eman. Administrazioa euskaraz aldizkariko harpide egin.
- Normalizazioaren beharraz jabetzea. Diagnosiaren berri eman
- Ikasleak:
- Hizkera hobetzea. NOLEGAko deialdietan parte hartu: Barriola ,Urruzuno, Idazleak ikastetxeetara...
- Irratigintzarekin jarraitu (ondo programatu)
- Bertsogintzarekin jarraitu (urtarriletik aurrera Bixente Gorostidi bertsolariarekin)
- Galtzagorri liburu gaztea literatur sarira aurkeztu.
- Pasiloetan, kultur alorra janzteko eta hizkuntza hobetzeko asmoz jarritako txartelei erantzutea.
- Gurasoak:
- Hizkuntza hobetu beharraren kontzientzia sortaraztea. Ikastaroak eskaini eta bileretan animatu.
- Hizkuntz trataera:
- Hizkuntz erabilerari buruz irizpideak jartzeko gai izatea (gelan, bileretan,gure artean...)
- Hizkuntz proiektua egin.
- Kanpo harremanetan:
- Posta zaintzea, eta gaztelania hutsez datorrenari, gutxienez, elebietan bidaltzeko eskatzea. Gutunak erantzun
- Herriko dendariei euskarazko faktura ereduak ematea. Tolosaldean bileretan prestatu.
3-Urteko memorian: Hau ere, urtero, ekainean aurkezten da, batzordeak HNParen balorazioa egin ondoren, eta hori, berori, gelditzen da baita ere eskolan.
4-Urteko aurrekontuetan: NOLEGAko ekitaldietan parte hartzeagatik eta Udalak ematen duenarekin, aurten 1.586 euroko diru laguntza izan dugu. Hau, ekonomia sailekoek aurrekontuetan sartzen dute eta balantzeak azaltzen dituzte urtean birritan. Honela adibidez:
Martxoko balantzean:
- 1.586 euro emandakoak, 46,73 gastatuak, beraz 1539,27 gelditzen direnak
Maiatzekoan berriz:
- 1.586 eurotik 222,20 euro gastatuak,beraz 1.365,8 gelditzen dira
Baliabideak
Ikastetxeko baliabide arruntak besterik ez ditugu izan ekimen hauek aurrera eramateko. Goiko pasarteetan aipatutako lan ardurak eta dedikazioak eta aipatu berri dugun finantzatzeko modua.
Ondorioak
Agiri horietan azaltzea beharrezkoa da, proiektua kontutan hartzen dela eta garrantzia baduela adierazten delako.Urteko planean azaltzeak bestalde, zera dakar: Ikasturte hasieran irakasle denen aurrean aurkezten dela, eta baita ere, egiten den lehenengo Organo Gorenaren bileran, beraz, guraso eta ikasle ordezkariek horren berri izaten dute.
Udalari ere, gutun baten bidez, azaltzen diogu proiektua aurrera daramagula eta diru laguntza izanez gero hobeto gauzatzen lagunduko lukeela. Honela bada, herritarren ordezkarietara ere iristen da.
Aurrera begira
Guraso eta ikasleak proiektuaren partaide bihurtzea. Egitasmoa irakasleen esku gelditzen zaigu batik bat, eta benetan osatu nahi badugu, beraiek ere inplikatu beharko ditugu, eta hori da hemendik aurrera batzordeak duen erronkarik nagusiena.
Aurrera begira beste hainbat dokumentu ditugu osatzeko: Hezkuntza Proiektua, Hizkuntzen Trataera Bateratua... Hauetan guztietan Hizkuntz Normalkuntzaren ikuspuntua eta irizpideak lekua izango dute. Agiri edo dokumentu hauek osatutakoan, orduan, benetako proiektua egina izango dugu.

