Normalkuntza ikastetxeko dokumentu nagusietan
Ikastetxea: F.Samaniego HI. Tolosa
Egileak: Joxe Mari Arakama Karrera
Eskola Hiztun Bila jardunaldian aurkeztutako dokumentua. Donostian, 2002ko irailaren 19an eta 20an.
Laburpena
Hizkuntza normalkuntza proiektuak eragin zuzena du ikastetxeko antolamendu eta ibilbide orokorrean; blaitu egiten du hango bizitza. Eragin horrek isla izan behar du eta du ikastetxeko dokumentu guztietan (IHP, ICP, AIA, ...). HNParen eraginez ikastetxeak hartu dituen erabakien berri emango dugu, zeion prozesu jarraitu den erabaki horiek hartzeko eta dokumentu horietan zer/nola agertzen den.
Sarrera
Samaniego, lehen hezkuntzako herri ikastetxea da, D eredukoa eta 500 bat ikaslerekin leporaino beteta. Ingurune euskaldunean egon arren, gurasoen hizkuntza-ezaguera anitza da: familien heren batean, aita eta ama dira euskaldunak, beste heren batean bietako bat, eta, azken zatian, ez bata ez bestea.
Urte batzuk atzerago horrelako proportziorik ez zen ezagutzen gure zentroan, izan ere, askoz handiagoa baitzen familia euskaldunen kopurua egungoa baino. Urte haietan, Samaniegon entzuten zen euskara primerakoa zen: kontzentrazio eskola izanik, ikasle gehienak inguruko herri txikietako neska-mutilak ziren. Halere, eskola tolosar askorentzat ez zen ezaguna edo ez zuen izenik. Garai hartan euskararen erabilera sustatzeko ez zen kanpaina handirik behar izaten eskola honetan.
Gauzak asko aldatzen hasi ziren, ordea, bai barruan bai kanpoan: Samaniego ezagunagoa egin zen, eta, gaur egun, lehen ez bezala, tolosarrak gehiago dira herri txikietakoak baino; gainera, matrikula ia bikoiztu egin da. Horren eraginez, egia esan, euskararen ezagutzak, erabilerak eta kalitateak behera egin dute, ez dira lehengoak. Orain kanpainak eta egin behar izaten ditugu baina, halere pozik gaude arlo honetan egin den lan ederrarekin.
Aldaketa hauek sumatzen hasi ziren garaian sortu zen nortasunaren kezka. Alegia, nolako eskola nahi genuen eta zein ziren helburu nagusiak, zein ezaugarri propioak, zer leku hartu behar zuen euskarak...
Helburua eta metodologia
Nortasuna
Lehen urratsa Hezkuntza Proiektuarekin eman zen: eztabaida zabal eta aberats baten ondoren erabaki zen euskarak eta beronen normalizazioak zein leku hartzen zuen lehentasunen artean. Sektore guztiak ados zeudela, lekurik behinena eman genion.
Egitura, Normalkuntza gaien ibilbidea
Bigarren urratsa araudiarekin (AIA) zegoen eman beharra. Hezkuntza Proiektuarekin egin zen moduan, ponentzia-talde bat eratu zen araudi proposamena egiteko, normalizazio arduradun teknikoa kide izanik, bertan.
Araudiak ongi zehaztu zuen zein diren normalizazio lanetarako organoak eta, baita ere, bakoitzaren egitekoak. Bide batez, definituta utzi zuen normalizazio gaien ibilbidea.
Baliabideak
Azken onarpena Eskola Kontseiluak eman behar bazien ere, aipatutako dokumentuak eztabaida luzea izan zuten. Iradokizunak, emendakinak jasotzeaz gain, sektoreen bilera-asanbladak egin ziren.
Ponentzia-batzordeak aholkulari baten laguntza izan zuen, eta, finantziazioa prestakuntza proiektu baten bidez eskuratu zen.
Ondorioak
Ikastetxeko dokumentu nagusietan euskararen estatusa definitu eta normalizazio-oinarri nagusiak (hizkuntz eredua eta IHNP, esate baterako).. onartu.
Dokumentu horiek lege bihurtzen dira; beraz, binkulanteak eskola komunitatea osatzen duten guztientzako.
Kontzientzia handitu sektoreen inplikazioaren bidetik; langile-monitore, ikasle-irakasle, gurasoak... Normalizazio-egitura iraunkorra ikasturtez ikasturte.
Lan sistematikoa.
Normalizazio gaiak ikastetxeko bazter guztietara ailegatzen dira.
Parte hartzea areagotu da.
Aurrera begira
Araudia egokia izan arren batzutan berau behar bezala ez ezagutzeak atzera pausuak ekar ditzake arlo hauetan. Hutsunerik nabarmenena agian honetan dugu gaur egun ere.

