Ulibarri programa

Antolamendua

Bistan da ez dela gauza erraza 400 ikastetxetako programen artean loturak, koordinazioak eta topaguneak lortzea. Nekeza da, baina beharrezkoa ere bada. Halere, ditugun baliabide urriak ondo aprobetxatu nahi baditugu, erabat zaindu beharreko puntua dugu hau. Hona hemen, labur-labur, koordinazio honetan parte hartzen duten elementu nagusiak:

  • Ikastetxeko Hizkuntz Normalkuntzako Arduradun Teknikoa (HNAT) eta Ikastetxeko Normakuntza Batzordea (HNB): Ikastetxeko Plana koordinatu eta dinamizatzea da bi hauen ardura.
  • Gunea: Eskualdeko ikastetxeetako HNATak biltzen dira gunean. Gune hauetan azpi-guneak eratu daitezke, kopuruak edo helburuak horretaratuta. Gune hauen koordinazio eta dinamizazio lanak Berritzeguneko Hizkuntz Normalkuntzako Teknikariak hartzen ditu bere gain, HNTak. Guneari HNATen prestakuntza-helburua ere ezarri zaio. Gunea hilean behin biltzen da, gutxi gora behera.
  • HNATen prestakuntza: Ikasturtero irail-urrietan HNT eta HNATentzat prestakuntza saioak antolatzen dira. Saio hauetaz programaren aholku-elkarteak arduratzen dira.
  • HNTen arteko koordinazioa: ezinbestekoa da HNTen arteko koordinazioa eta lanen banaketa antolatzea. Hizkuntz Normalkuntzako Arduradunak (HNA) bideratzen ditu koordinazio lan hauek, bere aldetik edo aholku-elkarteekin batera. Ikasturteko, lau koordinazio saio orokor antolatzen dira, gutxienez. Saio horietan, estrategia bateratuak finkatzeaz gain, HNTez osatutako lan taldeak antolatzen dira eta taldeoi epe laburrerako helburu jakinak ezartzen zaizkie. Saio hauei ere HNTen prestakuntza-helburua ezarri zaie.
  • NOLEGA programa: Euskara Zerbitzuko atal honi dagokio programa osoaren kudeaketa. Horretarako, aholku-elkarteekin etengabeko harreman estuan egon behar izaten du. HNT eta HNArekin ere etengabeko harremanak ditu NOLEGA atalak. Koordinazio eta informazio saioetan Hizkuntz Normalkuntza izaten da aztergai eta, oro har, NOLEGA programako bestelako gai guztiak.
  • Jarraipen eta Ebazpen batzordea: Programa honetan sartuta dauden ikastetxeen jarraipena egitea da batzorde honen helburu nagusia. Bertan aztertzen da ikastetxeen jarraipena. Programa uztea erabakitzen duten ikastetxeen kontua ere batzorde honetan aztertzen da. Batzorde honi dagokio gaiaren inguruko erabaki-proposamenak sailburuordeari helaraztea.
  • Ebaluaketa: Ikasturte amaieran ikastetxe bakoitzak hausnarketa-galdekizuna betetzen du. Hurrengo ikasturterako plana ere sasoi horretan bete ohi dute. Galdekizun hauen hustuketatik hainbat bilduma eta datu ateratzen dira, eta berriro ikastetxeetara itzultzen dira, berauek elikatzeko.
  • Bildumak eta materialgintza: HNPen inguruan hainbat bilketa lan osatu dira jadanik. Gunean sortutako materialak dira batzuk, HNTen lan taldeen fruitu besteak, aholku-elkarteen sormen lanak ere badira... Horietako batzuek argia ikusi dute dagoeneko ("Neur kareletik hizkuntza egoeraren popatik brankara", IKABIL), eta beste hainbat dira argitara bidean daudenak.

Argitaratuko ez direnak ere badira, baina horiek 2002-03 ikasturtetik ikastetxeen eskura daude, Dokumentazio-gunearen bidez.