Ulibarri programa
EAEko ikastetxeek azken urteotan ahalegin handia egin dute, euskararen didaktikan, irakasleen hizkuntza prestakuntzan, materialgintzan eta ikasleen ezagutza eta erabileran, baita aurrerapen itzelak eman ere.
Emandako urratsak sendotu nahian, eta ikastetxe mailako hizkuntza normalkuntza ahalbideratzeko, Plan osatu bat abian jartzeko beharra ikusi da. Planak, batetik, aurretik egindako proiektu partzialak bildu nahi ditu eta, bestetik, hizkuntza-komunitatea osatzen duten gainerako partaide helduen arteko harreman-bizitzan eragile izan nahi du (irakasle, guraso, monitoreak...).
Plan osatu honek, ikastetxean euskarak duen errealitatea aztertzetik abiatu behar du. Horretan oinarrituz, finkatuko dira hurrengo urteetarako norabide eta helburuak. Betiere, kideen arteko adostasunez eta behar diren neurriak zein baliabideak eskainiz. Ahalegin horretan ari dira Ulibarri programan bildutako ikastetxe guztiak, euren Hizkuntza Normalkuntza proiektuen bidez.
NORMALKUNTZA ZER DEN
Hiztegiak ematen digun definizioaren arabera, normalkuntza erabilera hedatzeko –hezkuntza, politika eta kulturaren bitartez- helburua duen berrantolaketa prozesua da. Erabileraren hedapena honako lau ildo hauek jorratuz egiten da: 1.- Hiztun kopurua haztea; 2.- Erabilera maiztasuna handitzea; 3.- Erabilera eremu guztietara hedatzea; 4.- Menpeko hizkuntzaren presentzia nagusitzen lagunduko duen erabilera arauak indarrean jartzea.
Prozesu honek bi alderdi hartzen ditu bere baitan, elkarri lotuta daudenak eta elkarren menpeko direnak: 1.- Alderdi linguistiko kulturala, hizkuntzaren egitura behar sozial berrietara egokitzen lagunduko duena- estandarizazioa, kodifikazioa, normatibizazioa, eta abar-. 2.- Alderdi soziopolitikoa, izaera politikoa duten ekimenen multzoa, (…) erabilera handitzeko helburua duena (Normalització lingüística, *Dicionari de Sociolingüística*, Enciclopedia Catalana, Bartzelona, 2001).
Eskola-komunitateko ikasle, irakasle eta gurasoengan, hizkuntzaren erabileraren eta motibazioaren arloan, ez da eskola eragiten duen ajente bakarra. Hori ezin dugu inola ere ahaztu eta horrela adierazi behar diegu gainerako eragile guztiei. Halere, eskola tresna eragingarria da hizkuntzaren normalizaziorako. Ikuspegi horretatik, eskolan egindako lana normalizaziorako daukagun elementurik trinkoena da gaur egun. Lan hori optimizatu egin behar dugu eta bere eragina eskolako hesitik kanpora hedatu. Hortaz, ikuspegi hori ahaztu gabe, lortu ezin diren helburuak baztertuz eta egindakoa ondo errotua gera dadin ziurtatuz, etengabeko aurrerabidean jarri behar ditugu gure ahaleginak. Horretarako, dudarik ez dugu, ULIBARRI programak, guztiok batera abiarazi dugun txalupatxoak, laguntza paregabea eskainiko digu.

