Albistegi publikoa
""Hizkuntz gaitasuna hobetu ezean, ezinezkoa da zientzia alorretan emaitzak hobetzea""-ri erantzun
Neus Sanmarti, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko
irakaslea.
Joan zen ostiralean Donostian (Kontseiluak antolatutako jardunaldien
barnean) Neus Sanmartinek eman zuen hitzaldiak isla izan du geure
hedabideetan.
Hemen duzue atzo Berriak argitaratu
zuen
elkarrizketaren pasarte bat:
2010-12-21
HARIAN
«Hizkuntz gaitasuna hobetu ezean, ezinezkoa da zientzia alorretan emaitzak hobetzea»
... 2010-12-21 Neus Sanmarti......Horixe uste du Sanmartik, eta ezinbestekotzat jotzen du hizkuntza arlo guztietan eta irakasle guztiek lantzea, modu koordinatuan. Agurtzane Solaberrieta Donostia Lehengo ostiralean Donostian izan zen Neus Sanmarti Bartzelonako Unibertsitateko Zientzia irakaslea, Kontseiluak hezkuntzaren inguruan antolatutako jardunaldietan: Euskara biziago ikastetxeetan, hizkuntza normalizaziorako proiektuen bidez...
Eta hau da Argia.com-en izan duen oihartzuna :
"Hizkuntz gaitasuna hobetu ezean, ezinezkoa da zientzia alorretan emaitzak hobetzea"
Neus Sanmarti, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko irakaslea| 2010-12-21
"Kataluniako biztanleriaren %18 etorkinak dira, eta, ondorioz, ia ikasleen %20k arazoak ditu hizkuntzarekin. Ez soilik katalanarekin, baizik eta hizkuntza guztiekin. Hutsune kultural handiekin iristen dira, eta horrek arazoa areagotu egin du. Hala, eskola oso polarizatuta dago: gizarte klase baxukoek eta etorkinek porrot egiten dute, eta gizarte maila altukoek gaitasun gehiago dituzte. Ziur nago hizkuntz gaitasuna hobetu ezean ezinezkoa dela zientzia arloetan emaitza hobeak lortzea".
http://www.argia.com/fitx/irudiak/39409sanmarti.jpg

Neus Sanmarti. Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko irakaslea
Hemen Berriak atzo argitaratu zuen elkarrizketa osoa«Hizkuntz gaitasuna hobetu ezean, ezinezkoa da zientzia alorretan emaitzak hobetzea»
Ikasle batek hizkuntza ongi jakin ezean, porrot egingo du eskolan. Horixe uste du Sanmartik, eta ezinbestekotzat jotzen du hizkuntza arlo guztietan eta irakasle guztiek lantzea, modu koordinatuan.
Agurtzane Solaberrieta
Donostia
Lehengo ostiralean Donostian izan zen Neus Sanmarti
Bartzelonako Unibertsitateko Zientzia irakaslea, Kontseiluak
hezkuntzaren inguruan antolatutako jardunaldietan: Euskara biziago ikastetxeetan, hizkuntza normalizaziorako proiektuen bidez. Sanmarti
zientzien alorrekoa bada ere, aspalditik dabil hizkuntzaren
irakaskuntza ikertzen, eta, haren irudiko, ikasleek hizkuntz gaitasun
egokia lortzeko, ezinbestekoa da hizkuntza arlo eta irakasgai guztietan
kontuan hartzea.
Curriculumean zehazki zer esaten da konpetentzia komunikatiboaz?
Hitz
egiteari dagokionez, ikasleak gai izan behar du zerbait azaltzeko,
zerbait komunikatzeko, besteek ulertzeko moduan. Bere ideiak ongi
argudiatzeko eta bestearenak entzuteko gai izan behar du. Eta, noski,
jakin behar du testuinguru bakoitzari egokitzen zaion erregistroa ongi
erabiltzen, ez baita gauza bera lagun artean hitz egitea edota hitzaldi
batean. Idazketari dagokionez, generoak ongi erabili behar ditu, eta gai
izan behar du bereizteko zer den iritzia eta zer argudioa. Eta,
gainera, irakurle ona izan behar du.
Eta helburu hori lortzen ari al da?
Ez.
Helburuak epe luzera jarri behar dira, gutxienez hamar urtera. Hemen
arazoa da, aldaketa politikoekin batera, lau urtetik behin helburuak
aldatu egiten direla, eta, ondorioz, inoiz ez dugu lortzen ezer
egonkortzea edota sendotzea. Ildo berean lan egin behar da, eta guztion
artean. Gizarte osoak izan behar du helburu bera, eta, horretarako,
beharrezkoa da guztion arteko ituna. Finlandian, duela 20 urte, gizarte
itun bat egin zuten, eta gaur egun guztiek lan egiten dute bide berean,
hezkuntzak funtziona dezan.
Hizkuntza ongi ez jakitea da eskola porrotaren arrazoietako bat?
Ez
dut zalantzarik. Ikasleek ez dituzte hizkuntz baliabideak ongi
menperatzen. Gurea bezalako erkidegoetan elebitasunari egozten diote
askok horren errua, eta hori ez da egia. Arazoa da ez dutela ez bata ez
bestea ongi menperatzen. Elebitasuna ez da desabantaila.
Hego
Euskal Herrian hiru hizkuntz eredu ditugu, eta emaitzak kezkagarriak
dira: D ereduko hiru ikasletik bat ez da gai euskaraz ondo hitz egiteko
eta idazteko. Katalunian gauza bera gertatzen da?
Bai,
antzera. Gizarte klaseen artean ezberdintasun handiak izaten dira.
Kataluniako biztanleriaren %18 etorkinak dira, eta, ondorioz, ia
ikasleen %20k arazoak ditu hizkuntzarekin. Ez soilik katalanarekin,
baizik eta hizkuntza guztiekin. Hutsune kultural handiekin iristen dira,
eta horrek arazoa areagotu egin du. Hala, eskola oso polarizatuta dago:
gizarte klase baxukoek eta etorkinek porrot egiten dute, eta gizarte
maila altukoek gaitasun gehiago dituzte. Ziur nago hizkuntz gaitasuna
hobetu ezean ezinezkoa dela zientzia arloetan emaitza hobeak lortzea.
Irakasle guztiak, ordea, kontziente dira hizkuntzaren irakaskuntza guztiei dagokiela?
Ez,
eta horrek ikuspegi aldaketa handia eskatzen du. Arlo guztiak jokoan
jartzea eskatzen du, eta irakasle guztiak ados jartzea eta modu
koordinatuan lan egitea. ikastetxez ikastetxe plangintzak egitea,
ardurak definitzea. Hizkuntza irakasleek ere aldatu behar dute euren
ikuspegia; izan ere, hizkuntza baten irakaskuntza gramatikarekin lotzen
dute batez ere. Esaterako, izen sintagma zer den irakasten zaie, baina
ez zaie esaten zertarako jakin behar duten zer den izen sintagma, hau
da, hobeto idazteko eta hitz egiteko behar dutela. Irakasle guztiak
kexatu egiten dira ez dutela astirik programa osoa bukatzeko. Ziur nago
elkarlanean eta talde lanean arituko bagina errazago egingo genukeela
aurrera.
Behin baino gehiagotan aipatu duzu ezinbestekoa dela
ikasleei analisi kritikoa egiteko baliabideak ematea. Gaur egun,
gainera, Interneten aroan bizi gara, eta edozeinek du edozein informazio
mota eskura. Informazio bonbardatze horretarako prestatzen al dira
ikasleak?
Ez, eta, gainera, irakasleek ez dute uste hori egin
behar dutenik ere. Esaten dute ez dela euren zeregina, hori ideologikoa
dela, eurek ez dutela doktrinatzen... Gauza batek ez du bestearekin
zerikusirik, ordea. Ez dakite zer den kritikoa izatea. Ikasleek gai izan
behar dute ongi argudiatutako iritzi bat emateko, etikoki eta
zientifikoki ongi argudiatutakoa. Horrek balio du Interneten dagoena
hobeto baloratzen. Gaixotasun baten inguruko galderaren bat egiten
badidate, Internetera joko dut eta ez nire memoriara, ea institutuan zer
irakatsi zidaten gogoratzen naizen.
Ezinbestekoa da gurasoek ere
aldatzea ikuspegia. Gurasoek galdetzen dute zergatik ez zaien
hiriburuak irakasten. Uste dute eurei irakatsi zieten gauza bera
irakatsi behar zaiela euren seme-alabei. Katalunian badaude modu
horretara lan egiten ari diren eskolak, eta gurasoekin arazoak izaten
ari dira.
Irakurketari garrantzi handia eman diozu, eta, zure esanetan, ikasleek asko irakurtzen dute.
Hala
da, kontua da ez dutela irakurtzen guk agintzen dieguna. Oso
garrantzitsua da kontuan hartzea zer ematen zaien irakurtzeko eta nola
ematen zaien. Guk aldizkari edota egunkarietako albisteekin lan asko
egiten dugu, eta gutxi liburuekin.
Ikasliburuek porrot egin dute?
Ez
dute balio ikasleak motibatzeko. Testu errealekin egiten dugu lan.
Ikasle batek egunerokoan irakur dezakeena ematen diegu irakurtzeko,
irakurketa kritikoa egin dezaten erakusten diegu, lerro artekoa irakur
dezaten, informazio eraginkorra topatzen laguntzen diegu... Eskoletan
literalki irakurtzen irakasten zaie, eta gero irakurritakoaren inguruan
galdetzen diegu, eta ez irakurri ez dutenaren inguruan, edota
idazlearen inguruan.

