Albistegi publikoa

Kulturaren eta hizkuntzaren transmisio eta komunikaziorako bitartekoak: ESKOLA AGENDA

ireide / 2010-09-24 09:53:12

Abiapuntua

2008/2009 ikasturtean, Bermeoko Euskara Zerbitzuagaz batera, Irune Allika eta Bittor Uriartek bertako toponimiaz egindako ikerketa digitalizatzeaz gain, leku-izenen transmisio eta jendarteratzeko komunikazio plana burutu genuen. Bitartekoetako bat Eskola Agenda izan zen. Eskola bakoitzari bere Agenda berezitua egin zitzaion, diseinu bereziaz, eduki lokal komunen oinarripean.

2009/2010 ikasturterako sortu genuen Bermeoko Eskola Agendak kimu berri bi izan ditu datorren ikasturteari begira. Bermeoko hezurdura horretan sakondu dugu eta 2010/2011 ikasturterako Eskola Agenda bana izango dute Arrasaten eta Larrabetzun.

Djitalidadea s.l.-n euskarazko ondarea dijitalizatzeaz gain herritar gehienengana helaraztea dugu helburu. Sinergia honetan euskaraz lekuan lekuko, Euskal Herriko zein munduko hezkuntza eta kultur edukien transmisiorako nola ikasle-irakasle eta gurasoen arteko komunikaziorako bitarteko hau sortu nahi izan dugu.


Helduleku

Gure hezkuntza sisteman ohiko errealitatea dugu eskoletako irakasleak bizi ez diren herrietara desplazatu behar izatea euren jarduna burutzeko. Eta herri horrekin duten kontaktua, gehienbat, eskolako testuinguruan suertatzen da. Bertako hizkuntza, bertako kultur, kirol eta elkarte ezberdinen jarduna eta izaera, bertako bizimoduan indarrean diren ohiturak, erritualak, jai egunen sinbologia, historia,... ez dago ezagutzeko aukera eta bitarteko formal askorik.

Baina ez da irakasleen egoera bakarrik. Ez dira irakasleak lekualdatzen diren bakarrak. Edozein herrira etorri berri asko gara. Adopzioan jasotako herriaren izana gehiago ala gutxiago ezagutuko dugu. Elkarrekintza sozial edo kulturalaren bitartez garatuagoa izango dugu errealitate horren transmisioa, bertako paisaia bihurtu ahala.

Errealitate hau eta, egungo transmisioan, generazio ezberdinen arteko harreman etenaren ondorioz bizi dugun hutsunea, oso kontutan izan dugu agendaren egituraketa eta mamia lantzerako orduan.


Elkarren berri

Eskola Agenda, kulturaren eta hizkuntzaren transmisiorako eguneroko euskarria izateaz gain komunikazioan sakontzeko aukera ere bada. Eta, modu batean edo bestean agendaren erabiltzaileak (ikaslea, irakaslea eta gurasoak) kontutan izan ditugu proposamen honetan. Funtsean, ume baten heziketan, osagarri direlako Eskola eta familia.


Eskola Agenda bat egiteak, berez, ez dakar nobedade handirik eskolako materialgintzaren alorrera. Euskarri honetan, lehendik ere, badira hamaika agenda-eta. Aldea, nabarmena bide batez, abiapuntuari eta helburuei dagokie.


Lekuan lekuko edukiak

Eskola Agendaren egituraketan bere biziko garrantzia dute lekuan lekuko edukiek. Larrabetzun ti-teu edo txakada baten baten esaten den legez, Bermeon Dxakada baten esango da. Arrasateko herriak Udalaitzpean bere dragoiari diosala egiten dion bitartean, Larrabetzuko aker eta ahuntzak Bizkargitik gora ibiliko dira.


Hilabete bakoitzari hasiera ezberdina emango diogu, diseinuan ere urtaroen joan etorriak bere isla duela. Kolore hotz edo epelak konbinatuz.

Erdarazko “En abril lluvias mil” edo “El sol de marzo pega con el mazo” baliagarriak dira oso hilabete bi hauetako eguraldia deskribatzeko. Euskaraz, baina, baditugu gure hileen joan etorriak deskribatzeko esamoldeak: Urtarril hotza, neguaren bihotza, Azaroa hotz, negua motz,....

Hilabete bakoitzaren esamoldeaz bat herri horretako auzo, jolas edo historia garatuko da, eskolaren beharrizanen arabera. Bermeon, berbarako, herria osatzen duten auzoen deskribapenari egin zaio erreferentzia, auzo horietako alkate edo alkatesaren irudia bertoko erraldoien irudiaz jantziz. Arrasaten, ostera, berreskuraturiko antzinako jolasekin hasiko dituzte hilabeteak. Eta Larrabetzun, bertako historiaren pasarteak ezkutatuaz, asmakizunak proposatu dira desitxuraturiko argazkiekin puzzleak osatu ditzaten.

Agenda astea bistan egituratu dugu eta orrialde bakoitzaren goiburu eta orri-oinak eduki asko batzen ditu. Eduki lokaletako esaerak (Edan bako mozkorra, Berba egin baju eta urrin ailegeu,...), berbak (sustrukue, ogi-gaztaia, tatalea,...), zirtoak (Zer moduz klasean? Ondo, amaitzen danean...) eta esaldi eginak (Heu haz egoteko artxoa!) aste birik behin Koldo Izagirrek batu eta sortutako munduko errefrau eta asmakizunekin txandakatzen dira.


Eduki orokorrak

Izan ere, ez dugu ahaztu nahi izan munduko parte ere bagarela eta horretarako munduko herrialde askotako errefrauak batu eta gureekin uztartu ditugu. Mingotsak dira isuritako malkoak, mingotsagoak isuri bakoak (Irlandarren jakinduria), Berbak ipotx, eginak erraldoi (Suitzarren jakinduria) edota Haurra buztinezkoa da (Armeniarren jakinduria), adibidez.

Munduko esaera zahar hauei txanda hartuko die proposatutako asmakizunak. Asmakizun hauek irakasleek baino ez dituzte izango eta material didaktiko legez erabili ahal izango dituzte.

Bestalde, astero, guraso, irakasle eta ikasleentzako interesgarria den eta euskarazko kulturari, hezkuntzari zein informatikari buruzko webgune bat proposatuko da: http://egbjolasak.ulibarri.info/, http://www.armiarma.com, http://guraso.com/....


Hilabetearen amaieran biografia bat proposatzen dugu. Koldo Izagirrek, munduko 10 umeen biografia, jaso eta garatu ditu. Familia txiro batean jaiotako Pakistango Iqbal Masih-ren alfonbragilearena, Kanputxeako minek zigortutako Song Kosal-ena, Afrikako umeek urez hornitzeko sutsuki borrokatu den Ryan Hreljac Kanadiarren istorioa,...

Alegia, Disney Channel-ez gain, badagoela beste mundu bat.


Asmo informatiboa eta oinarri funtzionala.

Aipatu ditugun edukiez gain, herri bakoitzeko kultur, kirol eta bestelako elkarteen inguruko informazioa uztartzen da agendan bertan. Udal Zerbitzuak, garraiobideen informazioa, eskola egutegi eta ordutegia, ordutegi osagarria... Erabiltzaile guztientzako baliagarria den informazioa papereratu dugu.

Guraso eta irakasleen arteko informazio trukerako ere aukera zabalik itxi dugu.


Lehen Hezkuntzan, hasteko.


Eskola Agenda, behinik behin, LHrako bideratuta dagoen egitasmoa da.


LHko ikasleak hasten dira idazketa eta irakurketa prozesuan murgiltzen. Honen inguruko ohiturak sortzea lagungarria da prozesu hau dinamizatzeko. Honez gain, euren lehenengo etxeko lanekin hasten dira. Ardura gehiago eskatuko zaizkie eta euren autonomi garapenean beste martxa bat sartu behar dute. Eskola Agenda, lagungarri izan daitekeelakoan gaude.


Informazio gehiagorako: a.deabajo@dijitalidadea.com / 675 006 627



Agendari lotutako berri gehiago irakurri ditzakezue Diario Vasco egunkarian, Mondraberri Arrasateko atarian edo Goiena.net webgunean. Hurrengo egunetan beste zenbait komunikabideetan aterako dira berriak baita, Aikor, txorierriko euskarazko aldizkarian, eta hik hasiko azken alean adibidez.

Bota zure erantzuna!