Albistegi publikoa

Udaltop, udaletako euskara zerbitzuen jardunaldiak

HNTGetxo / 2009-05-05 22:20:55

Lasarte-Oriako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren eta Euskadiko Udalen Elkartearen (EUDEL) laguntzarekin, Udaltop Udaletako Euskara-Zerbitzuen I. topaketak antolatu dituzte. Udaltop jardunaldien lehenengo edizioa maiatzaren 7an eta 8an egingo dute Lasarte-Oriako Manuel Lekuona kultur etxean. Helburua Euskal Herriko udaletako euskara zerbitzuen arteko elkarlana sustatzeko bideak irekitzea da.

Euskara teknikarien topagune bihurtzeaz gain, hausnarketak, ikerlanak eta esperientziak aurkeztuko dituzte. Aurtengo gaia "Nola indartu euskararen erabilera familietan?" izango da. Jardunaldiak udaletako euskara teknikariei zuzenduta badaude ere, euskararen normalkuntzan lanean diharduten elkarte, erakunde eta profesional orok eta etorkizunera begira bere formazioa sail horretara bideratuko duten ikasleek har dezakete parte.

Udaltopen webgunea (www.udaltop.com) sarean da jada. Bertan bilduko da jardunaldiekin zerikusia daukan informazio guztia, parte hartzaileen jarrera aktiboa bultzatzeko helburuarekin.

Bota zure erantzuna!