Euskal Girotze Barnetegiak
Bost Euskal Girotze Barnetegi daude martxan une honetan: "Alkiza, Plentzia, Espejo, Elgoibar eta Segura www.barnetegiak.net.
Euskal Girotze Barnetegi hauen helburu nagusia etxeko eta/edo kaleko erdal giroan bizi diren haurrei euskal giro aberats bat ezagutzeko eta, are gehiago, bertan euskaraz bizitzeko aukera eskaintzea da, honela beraien euskara ikasteko prozesuari bultzada eragingarria emanez.
Batez ere zera lortu nahi da: euskaraz lehen pausoak ematen ari diren ikasleei, hizketako orduan duten askatu ezina gaindiaraztea, euskaraz komunikatzeko gai direla konturaraziz beren buruekiko segurtasuna eta konfidantza sortzea, hitz-etorria indartzea eta egiten duten euskara aberastea. Beraz, barnetegien xede nagusia ikasleen hizkuntz gaitasuna indartzeko ekintzak burutzea da.
Etxe hauetan aste beteko egonaldiak egiten dituzte A, B zein D eredukoek; beti ere ikasgela osoak izan behar dute, bere irakaslearekin. Barnetegi hauek kurtso garaian egiten dute lan, bertaratzen diren ikasgelak astero aldatuz.
1998-99 ikasturtera arte B ereduko barnetegietako egonaldiaren iraupena bi astekoa izan bazen ere, ordutik barnetegi guztietako egonaldiak 5 egunekoak dira. Modu honetan ikasgela gehiagori erantzuteko aukera dugu batetik, hainbat ikastetxe eta irakasleren eskaerari erantzuten diegu bestetik egonaldiaren antolamendua erraztuz, eta, azkenik, taldearen erronka da egonaldiak luzeran galtzen duena trinkotasunean irabaztea. 2002-2003 ikasturtean zehar barnetegi hauetara joateko eskabideak egiteko epea martxoaren 18tik maiatzaren 3ra izango da zabalik, hurrengo ikasturteko egonaldietarako.
Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak horretarakoxe zirkular bat bidaltzen du ikastetxe guztietara, epea irekiz, eskabide-orriak, egonaldi-txandak, ordaindu beharrekoak eta araudia erantsita dituela.
Barnetegi hauek ezin dituzte hartu eskaera egiten duten talde guztiak. Helburu berberekin ikastetxeek hainbat eta hainbat egonaldi antolatzen dituzte bestelako egoitzetan. Euskal Girotze Barnetegiek egonaldi hauek ondo antolatzeko lagungarri den materiala sortu izan dute eta gaur egun ere material berria atontzen ahalegin berezia egiten ari dira. Egonaldi horietarako dirulaguntzak ere banatzen ditu Hezkuntza Sailak "EGE": deialdiaren bitartez. Hain zuzen ere ikastetxeek bere kasa egiten dituzten irteera hauei begira proiektu erabat berritzailea garatzen ari gara barnetegi hauetan.

